Bizitzaren aldeko kantua?

  • Nork bere buruaz beste egitea muturreko sufrimenduekin lotu ohi dugu. Gaixotasun fisiko sendaezinen fase terminalekin; gaitz mental larriekin; pertsona “pertsona ez den” une kritikoan hartutako erabaki tragikoarekin. Ordea, nork bere bizitzari amaiera ematea luze edota lasaitasunez hausnartutako erabakia ere bada inoiz. Nola interpelatzen dute suizidio mota horiek heriotza? Nola interpelatzen dute bizitza? Gutxietsi egiten dute, edo aldarrikatu? Nork beraren bizitzari amaiera emateko aukera presente izateak heriotzara hurbiltzen gaitu, ala bizitza gozagarri eta bidezkoagoen eraikuntzara?


2018ko abenduaren 16an

Zaila egiten zaigu heriotzaz aritzea, are zailagoa suizidioaz; zer esanik ez muturreko egoera batetik harago eta patxadaz egindako hausnarketa baten ondorio direnez.

Gure kulturan eta garaian –ez munduko bazter guztietan, ez gurean betidanik–, heriotza eta suizidioa tabu dira. Tabuak tabu, ordea, badira bere bizitzari amaiera emateko unea eta modua hautatu duten pertsonak. Eta ez beti depresio edo oinaze jasanezin baten ondorioz. Suizidioen artean gutxiengoa dira, bai, eta, hala ere, horietaz arituko gara ikuspuntu etiko, filosofiko eta politikotik.

Heriotzari bizkar emanda bizi

Heriotza bizitzaren parte da, ez soilik horren amaiera. Baina ukatu egiten dugu. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko Euskadiko federazioko lehendakaria da Concha Castells Carrillo eta medikua ikasketaz. “Heriotza hor dago, guztioi helduko zaigu. Baina ez dugu hartaz hitz egiten. Nola liteke?”, harritzen da. Zergati anitzak aletu dizkigu: “Heriotza instituzionalizatu dugu. Etxetik atera dugu ospitalera eta erresidentziara eramateko. Lehen heriotza etxean gertatzen zen, familiaz inguratuta. Beste faktore bat da hilkortasun tasek izugarri egin dutela behera azken 50 urteetan. Lehen Munduan bizitzeak heriotzarik gabeko ameskeria sinetsarazten digu”. Heriotza ikusezin egitearekin batera, bizitzaren absolutizazio prozesua eman da. Adjektibatu gabeko bizitza: berdin du zer bizitza mota; berdin zer baldintzetan bizi.

Suizidioaren tabuan bestelako arrazoi batzuk ere ikusten ditu Castellsek, mendetako moral erlijiosoa azpimarratuz. “Zure bizitza ez da zurea. Hortaz, ez duzu horren inguruko erabakimenik”. Estatua da nork bere bizitza eteteko eskubidea ukatzen duen beste instituzio nagusia. Instituzio erlijioso eta politikoetatik harago, suizidioaren gaian erabakiaren zilegitasuna edo zilegitasunik eza beste eremu batean eztabaidatzen da maiz: familian eta lagunartean eragiten duen sufrimendua.

Concha Castelles, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartea:
“Ezkutuan egiten diren suizidioek oinaze handiagoa sortzen dute familian eta lagunartean. Erruduntasuna handiagoa da. Baina hitz egiten bada, atsekabea txikiagoa da”

Castellesek argi du: “Pertsona oro subiranoa da bere bizitzari eragiten dioten erabakiak hartzeko”. Bere ustez, heriotzak mina sortzen du, baina min guztiak ez dira berdinak. “Ezkutuan egiten diren suizidioek oinaze handiagoa sortzen dute familiarengan eta lagunartean. Erruduntasuna handiagoa da. Baina hitz egiten bada, eztabaidatu eta ulertzen saiatu, atsekabea txikiagoa da”.

Tabu sendoan arrakalak agertzen ari dira, mantso bada ere. Europan erreferente den Exit elkarteak erabiltzen duen kontzeptua azpimarratu du Castellsek: Bizitza Konplitua. “Eutanasia legalerako baldintzen artean bere bizitza konplitua dagoela uste duten pertsonenak sartzen saiatzen ari dira. Gaixotasun edo ezintasun larririk izan gabe ere”. Herbehereetan ari da bereziki eztabaidatua izaten ikuspegi hori.

Suizidioaz taldean eztabaidatzen

Imanol Olabarria Bengoak 81 urte ditu. Gasteizkoak talde antimilitaristan suizidioaren inguruko eztabaida piztu zitzaien duela hamabost urte inguru. “Gure bizitzen aroan behintzat jendarte eraldaketarako aukerarik ikusi ez, eta bizitze hutsarekin gorrotatzen dugun munstroa borrokatu baino gehiago elikatu egiten genuela irizten genion”. Hilabete pare batez aritu ziren hizketan.

“Noiz arte bizi norberak erabaki behar du, horretan ados geunden. Norberaren erabakia eta eskubidea da; gogorra, bai. Ez genuen data edo modu konkretuez hitz egiten, eztabaida filosofiko-politikoa zen. Orduan hitz egin ez bagenu, gaur egun salduago aurkituko nintzatekeen heriotzaren aurrean. Egun ez dit beldurrik ematen, baina ez dut aurreikusten ere. Teorikoki onartua dut nire heriotza suizidioz izan daitekeela: ez dut aukera nagusitzat hartzen, baina ez dut baztertzen”.

Heriotzari bizkar emanda bizitzea arazo bezala ikusten du berak ere. Castellsen ildotik, heriotza delegatu egiten dugula dio, “bizitza bera beste batzuen eskuetan delegatzen dugun modu berean”. Bizitzatik aparte mantentzea  kontsumo-jendartearekin ere lotzen du: “Jendarte honen ametsa litzateke beti gazte eta kontsumituz bizitzea”. Heriotzak ez du tokirik ameskeria horretan.

2008an, hilabete eta erdiren bueltan lau pertsonak egin zuten bere buruaz beste Olabarriaren inguruan. Horietako bat hurbileko laguna zen, eta erreportaje honetan lantzen ari garen suizidio motakoa izan zen berea. Mina eta pena sentitu zituen Olabarriak, “lagun bat galtzea, agurrik egin gabe”. Baina sakoneko pentsamendua ez zion aldarazi. “Inoiz pentsatu dut, norbaitek suizidatzeko erabakia hartzen badu ez naizela ni izango aurka publikoki azalduko den pertsona. Akaso galdetu zer gertatzen zaion, guk zer edo zer egin dezakegun… Orain dela gutxi lagun batek hala esan dit: ‘nire bikotekidearen  gaixotasunaren analisiak oso txarrak badira, ari naiz pentsatzen Suitzara joan eta han berarekin batera hiltzea –suizidioaren aukera legeztatua dago Suitzan–’. Ez dakit, ez nion esan egin behar ez zuenik”.

Erabaki propioa bai, baina beste pertsonekiko erantzukizunez hartu beharrekoa da, Olabarriaren ustean. “Nire mende inor ez badut, oso sinplea ikusten dut. Baina tartean seme-alaba txikiak badaude, autonomia lortu arte obligazio modukoa sentitzen dut”. Seme-alaba txikiekiko ez ezik, baita adiskideekiko begirunez ere: “Adiskideak, emaztea, zure zirkulua da. Ezin da harremana bat-batean moztu eta desagertu. Nola egin? Ez dakit. Gaia mahai gaineratzean jendea dardarka jarriko da. Baina nolabait planteatu behar da, kontrakoa itsusia egiten zait”.

Lluis Maria Xirinacs 2000. urtean, San Jaume plazan. Egunero eta denbora mugagabez 9:00etatik 21:00etara bertan egoteko deliberoa hartu zuen, Herrialde Katalanen Asanblada Nazional bat exijitzeko. Ehungarren egunean giltzurrun-koliko batek ospitalera eraman zuen. Orduan hasi zen suizidioan pentsatzen, gorputzak ez ziolako ahalbidetzen bere kontzientziak agintzen ziona.
Bi suizidio entzutetsu

2007ko abuztuaren 12an, Lluis Maria Xirinacsen suizidioak Herrialde Katalanak astindu zituen. Senataria 1977-1979 urteen artean, apaiza, biolentzia-ezaren defendatzailea, eta, guztiaren gainetik, ekintzaile sozial engaiatua zen 75 urterekin zendutako katalan independentista. 2000. urtean, egunero eta denbora mugagabez 9:00etatik 21:00etara San Jaume plazan egoteko deliberoa hartu zuen, Herrialde Katalanen Asanblada Nazional bat exijitzeko. Ehungarren egunean giltzurrun-koliko batek ospitalera eraman zuen. Orduan hasi zen suizidioan pentsatzen, gorputzak ez ziolako ahalbidetzen bere kontzientziak agintzen ziona.

Lluis Maria Xirinacs-en  ‘egintza subiranoa’ idatzia:
“Onar ezazue amaiera hau (...) gure buruzagien koldarkeriaren kontrapuntu bezala. (...) Haiek esklabo bat galdu dute nigan. Nire herria apur bat libreagoa da, ni zuengan nagoelako, adiskideok”

Zazpi urte geroago eten zuen bere bizitza Ripolles eskualdeko Ogassa mendietan, arnasketa eta meditazio teknika naturalen bidez koman sartu ondoren, sufrimendurik gabe. Autopsia egin zion forentseak aitortu zuen lehendabiziko aldia zela bere buruaz beste egindako baten gorpuan inongo bortizkeriarik eta sufrimendu arrastorik atzeman ez, eta heriotza naturala sinatu zuena. Poltsikoan ohar bat zuen, inork aurkitzen bazuen lasai utz zezan eskatuz. Randa Fundazioko bere bulegoaren mahaian, Egintza Subiranoa izeneko idatzi sonatua utzi zuen: “75 urtez bizi izan naiz Espainiak, Frantziak eta Italiak okupatutako Herrialde Katalanetan. Nire helduaroaren urte guztiak esklabotza honen aurkako borrokan eman ditut. (...) onar ezazue amaiera hau (...) gure buruzagien koldarkeriaren kontrapuntu bezala. (...) Haiek esklabo bat galdu dute nigan. Nire herria apur bat libreagoa da, ni zuengan nagoelako, adiskideok”.

Antonio Aramayona Alonso Zaragozako (Aragoi, Espainia) semea zen. Filosofia irakaslea hainbat urtez, aktibista aski ezaguna bera ere. Hezkuntza publikoaren eta eskola laikoaren aldeko borrokan engaiatu zen bereziki. Hainbat gaixotasun zituen eta denborarekin autonomia fisikoa eta gaitasun intelektuala galtzea ekarriko zioten. 2016an egin zuen bere buruaz beste, 68 urterekin. Aspaldidanik zeukan asmoa mamituta. Jon Sistiaga kazetaria heriotzaren inguruko Tabu dokumental sorta prestatzen ari zela jakitean, bere suizidio prozesuaren lekukotasuna emateko erabiltzea erabaki zuen. Grabaketa hasi eta hilabete eta erdira, etxeko ohean hil zen pozoia hartuta, lagunartean. Dokumentalean gaitasun fisiko nahiz intelektualez ondo ikusten dugu Aramayona. “Nekea” aipatzen du suizidatzeko zergati bezala.

Antonio Aramayona (berdez jantzita) murrizketen aurkako eta eskola publikoaren aldeko mobilizazioan. Bere buruaz beste egiteko unean ere eskola publikoaren kamiseta jantzi zuen.
Antonio Aramayonak bere blogean idatzitako testutik:
“Saiatu naiz nire bizitza duina, askea, baliotsua eta ederra izan dadin. Eta horrelakoa nahi izan dut azken bizi-hatsa ere”

Aramayonak bere blogean eskegi zuen agur publiko luzea: “Lerro hauek irakurtzen dituzunerako, hilik egongo naiz. Nire bizitzari amaiera ematea erabaki dut, nire bizitzaz libreki eta erantzukizunez erabakitzeko dudan eskubide besterendu ezina egikaritzea. (...) ez naiz gaixo terminala, ez didate gaixotasun larri eta sendaezinik atzeman. Ez nago deprimituta ere. Hiltzeko ordua heldu zait, besterik ez. (...) Nire bizitzan, ahalegindu naiz pentsatzen dudanak, nahi dudanak, egiten dudanak eta egin behar dudanak bat egin dezaten. Horregatik saiatu naiz nire bizitza duina, askea, baliotsua eta ederra izan dadin. Eta horrelakoa nahi izan dut azken bizi-hatsa ere: duina, askea, ederra eta baliotsua. (...) badira gure bizitza bizitza ona izatea eragotzi nahi duten pertsonak (...) mendeak daramatzate guri ondo bizitzen eta ondo hiltzen ez uzten (...) badago bizitza libreki eta erantzukizunez uzterik, tristeziarik gabe, beldurrik gabe, patxadaz soilik, eta bizitzarekiko maitasunagatik. Eskerrik asko. Besarkada estu bat”.

San Joan eguna Herrialde Katalanen festa egun izanik, 2008koan monolito hau jarri zuten Lluis Maria Xirinacsek ia urtebete lehenago bere bizitza eten zuen lekuan, Ogassa mendian. Geroztik, urtero bildu izan dira egun horretan leku berean, omenaldi gisa. Monolitoa Jaume Rodrik landua da. Argazkia: Lluís Brunet.
Suizidatze prozesuan bidelagun
Joan Parés, suizidatutako Xirinacs-en laguna:
“Pentsatu nuen: ‘beno, berak horrela nahi badu...’. Handik aurrera, lagun batengatik gauza handia egiten ari nintzela sentitu nuen”

Joan Parés Grahit 71 urteko mediku erretiratua da. Lau urte dira Kataluniako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kide dela. Bere bizitzari amaiera emateko desira duten pertsonak laguntzen ditu, gaixo edo hilzorian daudenak, eta “bizitzeaz nekatuta daudenak. Gutxi, baina egon badaude”. Aurrez aipatu dugun Xirinacsen familia-medikua eta batez ere lagun mina zen. Suizidio prozesua hasi eta buka konpartitu zuten.

Urteak ziren Xirinacsen asmoak ezagutzen zituela. Data zehatzarekin joan zitzaionean, ordea, “zoro” geratu zen. “Gero pentsatu nuen: ‘beno, berak horrela nahi badu...’. Handik aurrera, lagun batengatik gauza handia egiten ari nintzela sentitu nuen. Laguna izatea batzuetan ez da erraza. Minik ez nuen izan; pena bai, badoan eta bueltatuko ez den lagunarengatik”.

Tokia hautatua zuen Xirinacsek. 2000 eta 2002 urteen artean pentsatu, eta 2007an gauzatu zuela azaldu du Parések. “Berak eta beste bi lagunek soilik genekien. Isildu beharra zegoen, akonpainatu beharra. Data hilabete lehenago jakin nuen, tokia astebete aurretik. Autoan lagundu nion basoraino, bidean poz-pozik zihoan. Lagunez hitz egin genuen, proiektuez, denetarik, eta han geratu zen”.

Mari Sol Ibañez Garmendiak 76 urte ditu; Ana Cuevas Pascualek 54. Biak Aramayonaren lagun minak ziren, eta suizidioaren bidean ondoan egon ziren. “Prozesu luzea eta motza aldi berean”, gogoratzen du Ibañezek. “Bost urte lehenago jada senideei eta lagunei jakinarazi zigun bizitzari amaiera eman nahi ziola. Garai batez asmoa atzeratu zuen, familiari sortuko zion saminagatik eta iloba bat ezagutzeko desiraz. Urteak igarota, bere endekapena areagotuz zihoan, eta atzeraezineko erabakia hartu zuen. Hilabete eta erdikoa izan zen azken fase hori”. Hunkituta gogoratzen ditu azken uneak. “Bere etxean ginen; une jakin batean ‘ordua da’ esan zuen, bere gelara joan, hezkuntza publikoaren aldeko kamiseta jantzi eta deitu egin zigun. Zenbait lagun ginen. Besarkatu eta elkarri musu eman genion, negar egin genuen, asko maite genuela esan. Edaria hartu, eta lokartuz joan zen. Intentsitate eta maitasun handiko momentuak izan ziren. Hunkigarria, mingarria baina aldi berean alaia, ez dakit, oso heriotza gozoa izan zen”.

Suizidio politikoak

Ekintza oro politikoa den bezala, suizidio oro ere politikoa da. Bizitzaz, jendarte ereduaz, gure uste eta baloreez itauntzen gaituzte, zein bere modura. Baina Aramayonak eta Xirinacsek helburu politiko zehatzak bilatu zituzten euren bizitzari amaiera ematearekin –historian zehar eta egun ere askok modu oso ezberdinetan egiten duten gisan, bestalde–.

Aramayonak, bere suizidio prozesua dokumentalera eramanda, heriotza onerako eskubidearen apologia egin asmo zuen, pedagogiko izaten saiatuz. Bere agur gutunean, askatasun indibidualez gain, askatasun kolektiboez, jendarteaz, justiziaz, etikaz hitz egiten du. “Bizitza betea izan zuen, oso maitatua zen eta bizitzaren plazerez asko gozatzen zuen. Baina injustizia eta miseria nonahi ikusten zituen, eta haien aurka matxinatzen zen”, goraipatu du joandako laguna Cuevasek.

Xirinacsek, berriz, kontzientziak eta jarrerak piztu nahi zituen bere suizidioarekin eta agur gutunarekin. Parésen ustez, “Kataluniako herria astintzeko asmoz burututako suizidioa da, gauzak serio hartu zitzan. Hala esan ohi zuen: ‘Gose greba ez da egiten etsaia biguntzeko, lagunak mugiarazteko baizik’. Guk uste dugu berriki eman den aldaketan eraginen bat izan zuela”.

Bizitzaren aldeko kantua

Suizidioaz pertsonalki eta kolektiboki hausnartzea ez da Tanatosi gurtza egitea, Erosi baizik. Nork bere bizitzarekin amaitzeko aukera izateak bizitza edukiz betetzea dakar, edozein bizitzak ez duelako balio. Zein da bizitzaren zentzua? Zein bere balioa? Zer da bizitza bizigarri bat? Eta jendarte bizigarri bat? Nola eraikiko ditugu?

“Bizitza jasanezina egiten bazait irteteko atea eskura dudala pentsatzeak bizitzari diodan maitasuna indartzen du. Apur bat ausartago sentiarazten nau”, dio Cuevasek; “beldurrak baztertzeko modua da, bizitza desiragarriak eraikitzekoa”, Olabarriak; “bizitza edozein preziotan ez; bizitza onaren apologia da”, Castellesek.

Paul Lafargue eta Laura Marx bikote sozialista elkarrekin suizidatu zen 1911n. “Gorputzez eta izpirituz osasuntsu egonda, nire bizitza amaituko dut, zahartze gupidagabeak bizitzaren plazer eta poztasunak bata bestearen atzetik lapurtu aurretik”, utzi zuen Lafarguek idatzita. Violeta Parrak 1967an egin zuen bere buruaz beste. Hiru hilabete lehenago argitaratu zuen bere abestirik ezagunenetakoa, batzuek agur bezala interpretatu dutena: Gracias a la vida (eskerrak bizitza). Aramayonak Txoria Txori askatasun kantua entzunez esan nahi izan zion agur bizitzari, etxeko ohetik eta lagun artean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila... [+]


2023-12-21 | ARGIA
Eskatzen dutenen erdiak lortzen du Eutanasia Legearekin hiltzea Espainiako Estatuan

2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.


Eguneraketa berriak daude