"Ezinbestekoa da heriotzari buruz hitz egitea, noizbait denok hilko garelako"

  • Maribel Tellaetxe hil da, alzheimerra zuen Portugaleteko andrea. Haren familiak hilabeteak zeramatzan eutanasia zigorgabetzeko kanpainan murgilduta, Maribelek argi utzi baitzuen ez zuela horrela bizi nahi. Joan den astean Euskadiko Duintasunez Hiltzeko Eskubidea Elkarteko zuzendariarekin egon ginen hizketan.


2019ko martxoaren 12an - 09:05

Noiz sortu zen DMD (Duintasunez Hiltzeko Eskubidea)?

Estatu mailakoa, 1984an. Euskadin, elkartea Donostian hasi zen, Bartzelonan zegoen egoitza zentralarekin koordinatzen ziren bazkide gutxi batzuek osatua. 2001ean, DMD Euskadi elkarte independente gisa sortu zen.

Zein da elkartearen helburua? 

Helburu nagusia, sorkuntzatik hala adierazia, pertsona orok noiz hil nahi duen aukeratu ahal izatea da, eta heriotza legalki eta berme guztiekin gauzatzea; erabaki hori beste edozein bezala hartu ahal izatea, alegia. Gaixotasun edo zailtasun larria duten pertsonek lortu ahal izateko, bereziki.

Zertan datza heriotza duin baterako eskubidea?

Lehenik, pertsonek bizitza amaieran zainketa aringarri egokiak izan behar dituzte, sufritu ez dezaten. Bistakoa dirudien arren, beti ez da horrela gertatzen. Euskadin garatzen ari dira, baina oraindik ez dira guztiengana heltzen. Zentroaren, lurralde historikoaren eta zerbitzuaren garapenaren araberakoa izaten da aplikazioa, eta artatzen zaituen medikuaren ideologiak ere eragiten du. Askok sedazioa ukatzen dute eutanasia delako ustean, nahiz eta sedazioa ez egitea praxis txarra izan medikuntzako elkargoen arabera. Ezjakintasun handia dago. Bestalde, eutanasiarako legea lortzea da heriotza duin baterako eskubidearen beste zutabea.

Non dago baimendua? Zer herrialde izan daitezke erreferente?

Kolonbian, Kanadan eta AEBetako eta Australiako estatu batzuetan eutanasia baimendua dago. Europan, Herbehereek, Belgikak eta Luxenburgok 17 urte daramatzate eutanasia legeekin. Hasieran polemika egon zen, baina normaltasunez garatu dira. Herrialde horietan jazotako heriotzen %3, gutxi gorabehera, eutanasiagatik izaten dira. Suitzan eutanasia ez dago baimendua, baina bai lagundutako suizidioa. Hots, ez da egongo txerto letalik jarriko dizun medikurik; gaitasun mental osoa duzula eta legeak ezartzen dituen egoeran zaudela ziurtatu ondoren, klinikan sustantzia bat ematen dizute zuk edan dezazun. Arazorik egotekotan, laguntzen dizute. Baina eutanasia debekatua dago.

Zergatik?

Alde morala dago suizidatzen laguntzearen eta heriotza eragitearen artean. Guretzako garrantzirik gabeko ñabardura da, baina jende askorentzako ez.

Espainiar estatuan, egungo legeekin, zer aukera du erabaki hori hartu nahi duenak?

2002. urtean Pazientearen Autonomiaren legea onartu zen. Ezer egin aurretik baimena eskatu behar dizute eta zuk uko egiteko eskubidea duzu. Kasu horretan, tratamendu alternatiboa proposatu behar dizute eta, ez egotekotan, mina edota deserosotasuna tratatu behar dizute. Bestalde, heriotza duinerako lege batzuk daude, EAEn ere onartuak, zainketa aringarri unibertsalak baino ez dituztenak bermatzen, eta soilik hilzorian daudenentzat. Kitto, hor bukatzen dira zure eskubideak. Hainbat auzitegik heriotzarako eskubidea ukatu zuten; bizitzarako eskubidea baino ez omen dago. Kode Penaleko 143 artikuluak kartzela zigorrak ezartzen dizkie suizidatzen laguntzen duten horiei.

Zertan lagun dezakete aurretiazko borondateek?

Aurretiazko borondateek kontzientzia gabe egotekotan hartu ezin ditzakezun erabakiak ezartzeko balio dute. Senitarteen arteko eztabaidak saihesteko ere bai, zuk erabakitakoa ezin duelako inork eztabaidatu. Maribel Tellaetxeren kasuan, alzheimerra diagnostikatu ziotenean, idatzita utzi zuen ingurukoak errekonozitzeko ezgai zenean eutanasia aplikatzea nahi zuela, ordurako legeztatua egotekotan. 

Elkarteak zer laguntza eskain diezaieke egoera honetan dauden familiei?

Eskubideetan aholkatzen diegu: Pazientearen Autonomia legea, Aurretiazko Borondateak, zainketa aringarrietarako eskubidea ... Bestalde, bazkide bihurtu eta hiru hilabetera, elkarteak autoaskatasunerako gida bidaltzen du, bizitza modu baketsuan bukatzeko moduak biltzen dituena.

Zenbat lagun hurbiltzen zaizkizue?

Etengabeko jarioa da. Asko senitarteko batekin bizitako egoeragatik etortzen dira, haiek bizi nahi ez dutelako. Guztira, 400 bazkide gara Euskadin. Nahi dutena baino gehiago bizi behar ez izatea bermatu nahi dute. Askok aurretiazko borondateen inguruan galdetzen dute. 

Aurkakoen argumentu nagusia eutanasia beharrean zainketa aringarriak indartzearena da.

Ez dute zerikusirik. Zainketa aringarriak ezinbestekoak dira eta oraindik behar bezala garatzeke daude. Baina Maribel Tellaetxek, adibidez, ez zituen ezertarako behar. Berak bizitzen ez jarraitzea eskatu zuen. Gainera, eutanasia baimendua dagoen herrialdeetan daude garatuen, erabakia hartu aurretik zainketa egokiak eskaini direla ziurtatu behar delako.

Zertan zabiltzate orain?

Legearekin ari  gara. Legegintzaldia izugarria izan da. Hasieran, Podemosek oraingoa baino hobea zen legea aurkeztu zuen, baina atzera bota zuten. Zentsura mozioaren ondoren gobernura heltzean, PSOEk lege bat aurkeztu zuen. Ganberaren gehiengoarekin egin zuen aurrera, baina PP eta Ciudadanos Kongresuko mahaitik oztopatzen ari dira. Ciudadanosek alde bozkatu zuen, baina orain boikoteatzen ari da. Legeak eutanasia baimenduko luke ezgaitasun larriko edo min handiko egoeretan. 

Nahikoa da?

Ez, baina aurrera pauso handia da. Eskatzaileak sufrimendu izugarria duela ziurtatu beharko du eta, gure ustez, pertsona orok izan behar du erabaki hori hartzeko libre, sufrimendua gorabehera. Bakarrik ziurtatu behar da pazienteak gaitasun osoa izan duela erabakia hartzeko, ez dagoela familiak, egoera ekonomikoak edo buruko gaitzak bultzatua. Hala ere, eutanasiaren eskaeren %80 sartzen dira lege honen barruan.

“Heriotza azken tabua da”

Gizartea prest dago eutanasiaren legeztatzerako?

Metroscopiak argitaratutako azken inkestan %80 zegoen ados. Zeharkakoa da, ideologia guztietan aldekoak daude. Klase politikoa da pausua ematen ausartzen ez dena, hierarkia eklesiastikoa atzean duelako, nik uste. 

Suizidioak tabua izaten jarraitzen du.

Tabua, oro har, heriotza da, azken tabua. Gainontzekoak desagertu dira, baina heriotza ezkutatu egiten da, ez da haren inguruan hausnartzen. Ezinbestekoa da horri buruz hitz egitea noizbait denok hilko garelako. Kataluniako DMDk, esaterako, material oso onak ditu gaia eskoletan eta hedabideetan jorratzeko. Gainera, death coffees deituriko ekintzak gero eta gehiago antolatzen dira: jendea toki lasaietan biltzen da heriotzari buruz hitz egiteko.

Albiste hau Uriolak argitaratu dute eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila... [+]


2023-12-21 | ARGIA
Eskatzen dutenen erdiak lortzen du Eutanasia Legearekin hiltzea Espainiako Estatuan

2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.


2023-12-18 | ARGIA
Gehiago Gara ekimena sortu da, "haurren heriotza naturaltasunez eta humanitatez" lantzeko jarrera zabaltzeko

“Gehiago Gara” ekimena aurkeztu dute abenduaren 16an Donostian hainbat elkarteren artean, "haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea posible dela gogoratuz, dagoneko horrela jarduten dutenen erakundeei aitortza eginez, eta alor... [+]


Eguneraketa berriak daude