Bazkideentzako guttuna

Prensa DMDEuskadi, Portada

Bazkide hori:

Gaur bertan Diputatuen Kongresuak behin betiko onartu du Eutanasia Arautzeko Lege Organikoa (LORE). Eutanasiaren despenalizazioaren alde 37 urtez aritu ondoren, harro esan dezakegu gure helburuetako bat lortu dugula. Zorionak guztioi!

Lehenik eta behin, eskerrik asko DMD-DHEko kide izateagatik eta bizialdiaren amaierara arteko askatasunaren aldeko borrokan laguntzeagatik.

Legea BOEn argitaratu (ziur aski bihar, martxoak 19) eta hiru hilabetera jarriko da indarrean. Horrela, ekainaren amaieratik aurrera gaixotasun terminal baten ondorioz edo autonomia larriki mugatzen duen gaitz sendaezin baten ondorioz sufrimendu onartezina duten pertsonek hiltzeko laguntza eskatu (eta jaso) ahal izango dute.

LORE behin-betiko onartzeak arrakasta handia izan arren (uste dugu bidezkoa dela merezimenduaren zati bat DMD-DHEri esleitzea), horrek ez du esan nahi gure azken helburua bete dugunik. Inoiz baino lan gehiago dugu. Belgika eta Herbehereetako elkarteetako gure kideen arabera, orain oso lantegi zaila datorkigu: legea eraginkorra izan dadin. Gainera, gure ustez legea hobe daiteke oraindik, kasu gehiago bilduz, eta prozedurak sinplifikatuz eta erraztuz.

Prestatzen ari gara egoera berrirako. Hilabete gutxi batzuen barruan gai izan behar gara eutanasia nola eskatzen den aholkatzeko, edo medikuen zein Ebaluazio eta Bermeen Batzordearen ezezkoaren aurrean nola jokatu behar den. Aurretiazko Borondateen Dokumenturako gure proposamena ere egokitu beharko dugu, oraindik egin ez duenarentzat edo aldatu nahi duenarentzat.

Ibilitako bidea ez da erraza izan, eta hemendik aurrerakoa ere ez dugu espero samurra izatea. Gizartearen gehiengoak eutanasia babesten duen arren, batzuek oztopoak jarriko dituzte. Ahal den guztia egin nahi dugu legea paper errean gera ez dadin, eta eutanasia eskubide eraginkorra izan dadin. Alderdi praktikoari begira, gutxiengo  batek baino ez du erabiliko, baina gizarte osoak bizialdiaren amaierari lasaitasun handiagoz egin ahal izango dio aurre: irtenbide duin batekin egoera jasanezina bihurtzen bada.

Lege berriaren testua ezagutzen badugu ere, eutanasiak praktikan nola funtzionatuko duen argitzeko hainbat zalantza daude oraindik. Hurrengo hilabeteetan zehaztasunak ezagutuko ditugu. Zure zalantzak argitzeko DMD-DHErekin harremanetan jar zaitezke, ohi bezala, eta gu saiatuko gara ahalik eta ondoen aholkatzen.

Besarkada bat eta zorionak guztioi!

Comparte este artículo