2026ko azaroaren 2a: Heriotza Duinaren Nazioarteko Eguna

Prensa DMDBlog DMD, Euskadi, Notas de prensa

Azaroaren 2an, Heriotza Duinaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Egun horren harira, Asociación Derecho a Morir Dignamente – Duintasunez Hiltzeko Eskubidea (DMD-DHE) elkarteak autonomia pertsonalaren errespetua aldarrikatu nahi du, baita pertsona guztiek bizitzaren amaierako prozesua beren balio, nahi eta erabakien arabera bizitzeko duten eskubidea ere.

Eutanasia Arautzeko Lege Organikoa indarrean jarri eta bost urte geroago, aurrerapen handiak izan dira Euskadin hura aplikatzeko orduan, baina eskubide bat legez onartzeak ez du bermatzen, berez, pertsona guztiek berdintasun-, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan erabili ahal izango dutenik.

2021ean legea indarrean jarri zenetik, Euskadik 211 pertsonari bermatu die hiltzeko laguntzaren prestazioa, 2025aren itxierara arte Berme eta Ebaluazio Batzordeak jaso dituen 315 eskaeretatik.

2025ari bakarrik dagozkion datuek erakusten dute gora egin duela eskaeren eta prestazioen kopuruak, 78raino, eta behera egin duela eskaera izapidetu bitartean hil ziren pertsonen ehunekoak.

Aintzat hartzen ditugu aurrerapen horiek, baita koordinazio sanitarioa hobetzeko eta prestazioa errazago eskuratzeko egindako ahaleginak ere. Hala ere, oraindik zailtasunak daude herritarren eta profesionalen artean informazio nahikorik ez egoteari lotuta, eta lurralde-desberdintasun oso agerikoak ere hauteman dira eskubide hori eraginkortasunez erabiltzeko orduan.

Legeari esker, pertsona askok azkena eman ahal izan diote jasanezintzat jotzen zuten sufrimenduari, beren nahiari jarraikiz eta legez ezarritako baldintzak betez. Babestu, garatu eta hobetu egin behar dugun aurrerapen bat da.

Noelia eta Francesc: borondate pertsonala auzitegietan harrapatuta geratzen denean

Noelia Castilloren eta Francesc Augéren oraintsuko kasuek agerian jarri dute eutanasiarako eskubideak gainditu behar dituen arazo kezkagarrienetako bat: hirugarrenek errekurtsoa aurkeztea autonomia-erkidegoetako Berme eta Ebaluazio Batzordeek prestazioen alde emandako ebazpenen aurka, eta prozesua luzaroan geldi dadin lortzea.

Noeliaren eta Francescen eutanasia gelditu egin zen haien aitek jarritako administrazio-errekurtsoen ondorioz, eta ibilbide judizial luzea egin behar izan zuten, bi urtetik gorakoa, nahiz eta biek izan instantzia eskudunen aldeko ebazpena, legeak eskatutako urrats guztiak egin eta baldintza guztiak bete ondoren. Noeliak sufrimendua beste bi urtez luzatu ondoren erabili ahal izan zuen bere eskubidea. Francescek oraindik zain jarraitzen du, itxaronaldian bere buruaz beste egiten saiatu ondoren.

Bi kasuek erakusten dute zer neurritan bihur daitezkeen prozedura judizialak sufrimendu-iturri gehigarria dagoeneko egoera ahulean dauden eta hiltzeko laguntza nahi dutela behin eta berriro adierazi duten pertsonentzat.

DMD-DHE Euskadik bereziki kezkagarritzat jotzen du Auzitegi Gorenak 2026ko maiatzaren 19an emandako erabakia. Haren arabera, eutanasia eskatu duenarekin lotura bereziki estua duten pertsonek errekurtsoa aurkez dezakete Eutanasia Arautzeko Lege Organikoa (LORE) betearazten duen organoak emandako baimenaren kontra. Geroago, ekainean, doktrina finkatu zuen Auzitegi Gorenak, eta zenbait baldintzatara mugatu zuen aukera hori.

Onartezintzat jotzen dugu irizpide hori, hirugarrenek bidea oztopa baitezakete ororen gainetik eskatzailearena den erabaki batean. Esku-hartze judiziala ez litzateke erabili behar besteren usteak inposatzeko, ezta alferrik luzatzeko ere erabaki libre, kontziente eta legez onartu bat hartu duenaren sufrimendua.

Eskubide onartu bat, baina oraindik pertsona guztientzat bermatu gabea

Heriotza Duinaren Nazioarteko Eguna aukera paregabea ere bada gogoratzeko bizitzaren amaierari buruz erabakitzeko eskubidea eutanasiatik harago doala.

Eskubide horrek berekin dakar bermatzea kalitatezko osasun-arreta emango dela, zainketa aringarriak eskura egongo direla, aurretiazko borondateak errespetatuko direla, sufrimendua arinduko dela eta laguntza egokia emango dela. Halaber, berekin dakar inoren erabakiak ez urratzea, informazio faltagatik, administrazio-zailtasunengatik, lurralde-desberdintasunengatik edo hirugarrenen borondatea eskatzailearenaren gainetik jarriko duten interpretazioengatik.

Eutanasiaren lege bat egotea funtsezko aurrerapena da, baina, hura aplikatzeko, gizabanakoen askatasuna, segurtasun juridikoa eta onartutako eskubideen babes eraginkorra errespetatu behar dira.

Hori dela eta, prozedura bizkorrak eskatzen ditugu, arrazoirik gabeko atzerapenak saihesteko, eta pertsonen autonomia babestuko duten bermeak nahi ditugu, baita lurralde osoan prestazioa modu ekitatiboan eskuratzea ziurtatuko duten neurriak ere.

Bide luzea dugu heriotza duina pertsona guztientzako eskubide eraginkorra izan dadin lortzeko. Bide horrek konpromiso instituzionala eta erantzukizun profesionala eskatzen ditu, baita bizitzaren amaieran duintasuna errespetatzeak pertsona bakoitzaren erabakiak errespetatzea ere esan nahi duela ulertuko duen gizarte bat ere.

Elkarteak gogorarazi nahi du, halaber, pertsona batzuek oraindik sufrimendu jasanezina pairatzen dutela eta gaur egungo legeetako kasuetatik kanpo gelditzen direla, hala nola egoera larri eta itzulezinetan dauden adingabeak edo legeetan ezarritako kasuen artean egon ez arren bizitzak jada zentzurik ez duela uste dutenak. Elkarteak bereziki aipatu nahi ditu gaixotasun mentala duten pertsonak, oraindik estigma bizi baitute eutanasia eskatzen dutenean, eta berretsi egiten du eskubideak zabaltzearekin eta hiltzeko laguntza eskuratzeko orduan diskriminazio-modu oro desagerraraztearekin hartutako konpromisoa.

Azaroaren 2an, DMD-DHE Euskadik berretsi egingo du bizitzaren amaierara arte askatasuna, autonomia eta duintasuna defendatzearekin duen konpromisoa.

Izan ere, pertsonen duintasuna errespetatzen duen gizarte batek berme eman behar du norberak bere bizitzari eta bere amaierari buruz erabaki ahal izan dezan.

2026ko azaroaren 2a
DMD-DHE
Derecho a Morir Dignamente – Duintasunez Hiltzeko Eskubidea

Heriotza Duinaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak Euskadin:

➡️ 2026ko azaroaren 2a: Heriotza Duinaren Nazioarteko Eguna

Comparte este artículo