Dokumentu honekin hainbat ideia gogoratu nahi ditugu Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak duela gutxi egindako adierazpenen harira. Esan duenez, presidente izatea lortuz gero eskubide garrantzitsuak aitortzen dituzten zenbait lege (horien artean, eutanasia legea) aldatuko edo indargabetuko ditu. Esandako hori funtsean bat dator Santiago Abascal VOXeko homologoak adierazitakoarekin. Horren aurrean ondokoa aldarrikatu nahi dugu:
- Eskubideak indargabetzea erregimen diktatorialen edota faxisten berezko ezaugarria da. Izan ere, betebeharrek ez bezala, eskubideek pertsonen aukeratzeko askatasuna ahalbidetzen dute; eta askatasun hori ez da izenera mugatzen, baliatzeko aukera ere barneratzen du.
- Herritarrei eutanasiari buruz zer iritzi duten galdetu zaien guztietan (2021. urtean izan zen azkena), inkesten emaitzetan aldeko iritzia gailendu da, % 70etik gora, aurkakoak % 15ekoa izanik. Are gehiago, PPren eta VOXen boto-emaileen artean ere eskubide horren aldeko jarrera nagusitzen da, % 60 baino gehiago PPren kasuan, eta % 65 VOXenean. Ebidentzia hori ez dator bat bi alderdietako buruzagien adierazpenekin; izan ere, emandako datuek erakusten dutenez, adierazpen horiek ez datoz bat boto-emaileen iritziarekin ere.
- Nuñez Feijoo jaunak proposatutako aukerak (zainketa aringarrien lege bat onartzea) ez du kontuan hartzen zainketa aringarriak badaudela, eta herritarrek duten eskubidea direla; eta, horrez gain, eutanasiaren legean bertan jasota dagoela. Are gehiago, eutanasia eskatzen dutenei aringarrien aukeraren berri emateko betebeharra ezartzen du legeak. Eutanasia eta zainketa aringarriak ez dira elkarren aurka dauden alternatibak, osagarriak baizik. Duela zenbait urtetatik hona biak aplikatzen dira sufrimenduarekin eta bizitzaren amaierarekin zerikusia duten prozesuetan. Hori bai, hobetzeko asko dago herritar guztiengana irits daitezen, eta hobekuntza premiazkoagoa da, hain zuzen ere, PPk gobernatzen dituen erkidegoetan.
- Denborarekin gero eta herrialde gehiagok (munduko 24 herrialdek) bat egiten dute norberaren burujabetzan bizitzaz zein heriotzaz erabakitzean. Eutanasiaren bidez edo lagundutako suizidioaren despenalizazioaren bidez hiltzeko eskubidearen aitortza lortu da herrialde horietan; askotan hierarkia erlijiosoen presioari eta eraginari lotutako erresistentziak gaindituta, horiek ez baitute protagonismoa eta kontrola galdu nahi bizitzaren garapenean zein amaieran. Izan ere, ez dira mugatzen jarraitzaileek beren aginduei men egin diezaieten eskatzera (hala ere, horiekin ere ez dute lortzen: azken datuen arabera katolikoen % 15 baino ez dago eutanasiaren aurka), horren ordez herritar guztiei inposatzeko asmo argia azaltzen dute.
- Dagoeneko geureganatuta ditugun eskubideak iraultzeko saiakera horiek salatu nahi ditugu DMD-DHEtik, eta herritarrei dei egiten diegu hurrengo hauteskundeetan botoa ematerakoan kontuan har dezaten zein alderdik defendatzen dituzten gure eskubideak (kasu honetan, nola hil nahi dugun erabakitzeko eskubidea), eta zein alderdik nahi duten horiekin amaitzea.
Bilbo, 2026ko azaroaren 23a
DMD-DHE Euskadi
Comparte este artículo

