Elkarrizketa benetan garrantzitsua
Heriotzaren gaia tabua da. Batzuetan deserosoa izan daiteke heriotzari buruz hitz egitea, baina pertsona guztiok pasako gara esperientzia horretatik. Heriotza biziaren baitan dago.
Inork ez daki noiz eta nola hilko den, baina eskubidea dugu, zuk ere bai, nola hil nahi dugun erabakitzeko, eta nola ez. Hitz egin ezazu horretaz senideekin, eta animatu beraiek ere ABD egitera!
Zer da ABD delakoa?
Agiri horretan adierazten duzu zein zaintza eta tratamendu jaso nahi dituzun, eta zeintzuk ez, baldin eta, zure osasunaren narriadura konponezina tarteko, adierazpen-ahalmena galduko bazenu.
Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD) testu hauei jarraiki arautzen da: Pazientearen autonomiari buruzko 41/2002, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta arautzeko 270/2003 eta 66/2018 dekretuen, eta Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzko 11/2016 Legearen arabera.
Zergatik da garrantzitsua?
- Norberak erabakitzen du, nork bere balioen arabera; bizitzaren amaieran sufrimendua luza diezazuten saihestu ahalko duzu.
- Zure borondatea bete dadila bermatuko duzu, baldin eta ezin baduzu adierazi.
- Zama kentzen diezu senide eta pertsona kuttunei, erabaki zailak hartzeko atakan.
- Erraztu egiten diezu lana osasun-langileei, argi izango baitute pazientearen borondatea, senideei galdetu beharrik gabe.
DMD-DHEren Aurretiazko Borondateen Dokumentua
DMD-DHEk badu ABD egiteko eredua. Osakidetzarena baliatzea erabakitzen baduzu, puntu hauek txertatzea gomendatzen dizugu:
Uko egiten diot nire bizitza mantentzen laguntzeko tratamendu, esku-hartze edo prozedura orori: bizi-euskarri teknikak, zain barneko jariakinak, farmakoak (antibiotikoak barne), hidratazio edo elikadura artifiziala (zunda nasogastrikoa edo gastrostomia bidez), taupada-markagailua edo desfibriladorea. Aldibereko gaixotasunik (prozesu interkurrentea) edo adierazpen-ahalmena berreskuratzeko moduko (baina norbaiten mende bizi beharra eragingo lukeena) garun-kalterik izatera, ahalegin terapeutikoa duintasunez hiltzea ahalbidetuko didan modura egokitzea eskatzen dut.
Hil arte sedazio aringarri sakon eta jarraitua eragiteko farmako egokiak ematea eskatzen dut, beharrezko dosietan eman ere, hots, nire ordezkariaren ustean egoera horretan, inolako sufrimendu fisiko edo psikikorik izango ez dudala bermatuko duen dosian, baita tratamendu horrek nire bizitza murriztu balezake ere.
Narriadura kognitiboagatik edateko eta/edo jateko beste pertsona baten laguntza behar izango banu, nire borondatea da laguntza horri uko egitea; beraz, ez dut nahi beste inork ni elikatu edo hidratatzerik, koilara edo beste ezein tresna bitartez; aldiz, narriadura-prozesuan zehar ahuleria eta deshidratazioagatik ager litezkeen sintomen aurrean (aho-lehortasuna, egonezina, asaldura, mina…), bakean hiltzea ahalbidetuko didaten konfort-zaintzak jasotzea nahi dut.
Legeriak eutanasiaren bidez duintasunez hiltzeko eskubidea arautzen badu, nire ezintasun-egoera ez luzatzea eta azkar eta minik gabe hiltzea nahi dut, xede horretarako indarrean dagoen erregulazioaren arabera.
Nire zaintzaren ardura duen profesionalen bat jarraibide hauetako bakarren baten aurrean kontzientzia-eragozle azalduko balitz, hura beste profesional batek ordeztea eskatzen dut, hartara nire borondatea errespetatuko dela bermatuko delarik.
Ordezkarien izendapena
Ez da beharrezko ordezkaririk izendatzea; alabaina, DMD-DHEn gomendagarria iruditzen zaigu halakorik izendatzea. Ordezkarien zeregina osasun alorreko langileei jarduera mediku guztiek ABDan jasotako borondatea betetzen dutela exijitzea eta hala egiten dela egiaztatzea da. Gomendagarria da zure borondatearen jakitun diren pertsona gertukoak izendatzea, zeinekin gaiari buruz luze eta zabal mintzatu zaren.
Nola egiten da?
ERREGISTROAREN LURRALDE ORDEZKARITZAN (hitzordua eskatuta)
• Araba: Olagibel kalea 38, Gasteiz. 945 01 71 48 – 945 01 71 50 tel.
• Bizkaia: Recalde zumarkalea 39, Bilbo. 94 403 15 00 tel.
• Gipuzkoa: Antso Jakituna 35, Donostia 943 02 30 06 tel.
ZURE OSASUN ZENTROAN (eskatu ABD egiteko hitzordua)
HIRU LEKUKOREN AURREAN
Adinez nagusiak. Ezingo dituzu lehen edo bigarren mailako senide izan, ezta ezkontide, izatezko bikotekide edo elkartze libreko kide ere, eta ezingo dute ondare-harremanik izan zurekin. Honela eginez gero, zu zeu arduratu beharko zara ABD Aurretiazko Borondateen Erregistrora bidaltzeaz, Osakidetzaren jarraibideei jarraiki.
NOTARIOAREN AURREAN (aukera hau ez da doakoa)
Zure ABD Aurretiazko Borondateen Erregistroan jasota geratuko da, eta zure historia klinikoan agertuko da. Zure medikuak kontsultatzeko moduan egongo da.
Comparte este artículo